
Gaur Bidelan AP-8ko hitzarmen berria negoziatzeko bilera izan da. Aldez aurretik hainbat gai jorratu dira:
Nominak.- Langile batzuk nominak paperean nahi dituzte. Enpresak hauek formatzeko hautua egin du baina nomina paperean desagertzear dagoen zerbait izan behar dela dio.
Epaitegi Gorenak enpresak nomina telematikoki helaraztea ahalbidetzen du.
Zarauzko langile ebentualak.- Langile hauek egoeraz kezkatuta enpresa komiteari informazioa eskatu diote. Komitearen eskaerari erantzunez, enpresak ekainaren 19an aurreikusita dagoen automatizazioari buruzko bileran, langile finkoentzat zein ebentualentzat bileren kronograma aurkeztu behar duela dio.
Zarauzko aldagelak.- LABek aldageletako takilak berritzea eskatzen du. ELAk arazoa orokorragoa dela dio (toki nahikorik ez, takilak, etabar). Gaur egungo aldagelak duten kapazitatea aintzat hartu behar da eta baita langile kopurua (23 langile emakumezkoak eta 10 langile gizonezkoak dira).
Hitzarmen proposamena.- Enpresak idatziz bere hitzarmen proposamena helarazi digu.
- Indarraldia 4 urtekoa (2019-2022). Indarraldi luzeegia, automatizazioaren ondoren sortuko diren arazoak aparte kudeatuko direla kontuan hartzen badugu.
- Ordainlekuko langileak beste sekzio batzuetara aldatzeko aukera izatea. Enpresak bere nahiak mahai gainean jartzen ditu baina inongo bermerik gabe.
- Antzinatasun handia duten langile ebentualak. Honetan ere proposamen beretsua, hau da, antzinatasun kopurua ez da zehazten eta ez da inongo bermerik ezartzen.
- Egutegietan aldaketak. Gaur egun kontrakoa gertatu arren, horrelako egoeretan enpresak langileen komitea informatuko duela dio. Araudiak aldaketa hauek kolektiboak direla eta ezin direla aldebatez hartu ezta langileen ordezkaritza kontuan hartu gabe ezarri argi eta garbi azaltzen du.
- Plantillaren balio-aniztasuna. Enpresak langileak hala eskatuta, hauek beste lanpostuetan lana egiteko aukera izan dezaten, hauek formatzeko konpromezua hartzen du.
- Ordaindutako lizentziak. Kidetasun kontzeptua ezarri lizentzietan, aitari edoskitze lizentzia amarenarekin berdindu, heriotzagatik 4 eguneko lizentzia 7 egun naturalean hartzeko aukera izatea.
Gabonetan lana egiten duenari, dirutan konpentsatu beharrean, jai egun batekin konpentsatzea.
- Euskera. Kurtsoetara joan ahal izateko norberari egokitutako egutegia. Derrigorrezko gutxiengo presentzia kendu (%85a) eta 4 kurtsoren ordainketara lotu.
- Diziplina araudia. Prozedura propioa ezarri, AP-1eko hitzarmean araututa dagoen moduan.
- Proposamen ekonomikoa. Enpresak 3 gai bateratzen ditu eta proposamena bakarra dela adierazi: soldata igoera, lanaldi murrizketa eta aurrejubilazioak.
• Soldata igoera. KPI+%0,1 oinarrizko soldatan. Soldata ez liltzateke gutxituko KPIa negatiboa izanez gero. Gainontzeko kontzeptuak izoztuta.
• Lanaldi murrizketa. Lanaldi murrizketa absentismoari lotu du enpresak, bai norbanakoa eta baita kolektiboa. Lizentzia eta baimen desberdinen arteko zerrenda egiten da kalkuloa egiteko kontuan hartzen den hala ez ezartzeko. Indizearen arabera urteko lanaldia murriztuko da edo bere horretan mantenduko da.
1. 1648 eta 1600 artean ordu lan eginez gero: 16 orduko ordaindutako lizentzia.
2. 1600 eta 1576 artean ordu lan eginez gero: 8 orduko ordaindutako lizentzia.
3. Enpresako absentismo orokorra %5etik behera egonez gero: 8 orduko ordaindutako lizentzia langile bakoitzak. Norbanako konputoa egiteko aurreko 2 urtetan gertaturikoa aintzat hartuko da, langilearentzat hoberena den konputoa aukeratuz.
ELAren iritziz lanaldi murrizketa ez da absentismoari lotu behar. Arrazoi asko eta oso anitzek baldintzatzen dute absentismoa (osasunak, adinak, turnoetan lana egiteak, lan zamak, etabar)
• Jubilazioak. Martxoaren 15eko RDL 5/2013an araututa egon arren, errelebo kontratuaren aukera ezabatzen da. Araudi honek plantillaren jubilazio partziala ahalbidetzen du eta kontratazio berria lanaldi osoan eta mugagabean egitea ere.
Enpresak formula hau ez aplikatzeko arrazoia ekonomikoa dela dio.
Aurrejubilazioak. RDL 5/2013ak bere 6.2a) artikuluan langileen aurrejubilazioa arautzen du, hauek baldintza batzuk betetzen badituzte. Enpresak araudiaren parte hau erabiltzea erabaki du, honek plantilla murrizten duelako kostu txikiaren truke.
1. 2 urte langabezira. Antolakuntza arrazoiak medio langileari kaleratze objektiboa aplikatzen zaio.
2. Lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalteordaina ordaintzen zaio langileari, gehienez 12 hilabeteari dagokion kopurua ordainduz. (langileak ez du zergarik ordaindu behar kalteordainagatik)
3. Langileari berez tokatuko litzaioken jubilazio adina 4 urtetan aurreratzea.
4. Pentsioaren kopuruari murrizketa aplikatzen zaio eta koefizientea kotizazio urteen arabera aldatzen da.
5. Enpresaren esanetan baldintzak betetzen dituzten eta proposamena onartu nahi duten langile guztien irteera ezingo luke era berean kudeatu.
6. Adinaren baldintza betetzen dutenen bizitza laborala eta kotizazioak eskatu ditu enpresak, kalkulu zehatzak egin ahal izateko.
7. Enpresak, gai honi buruz eginiko txostena pasatzeko konpromezua hartu du.
ELAren iritziz enpresaren proposamenak langile batzuen irteera soilik bilatzen du eta honen ondorioz, orokorrean, 6 urteko soldata aurreztu. Gaur egun ezarrita dagoen kalteordain txikiena ordainduko luke eta honen ondorioz, plantilla eta soldatei bideratzen den diru kopurua murriztu.
ELAren iritziz, automatizazio prozesuan gauden honetan, enpresak ez dio gaur egungo BIDELANeko plantillari kolektiboa den eta bermea duen irtenbiderik ematen. Behar den plantilla estrukturala ez da ezartzen eta bai ordea, gaur egun sortzen diren bakanteak ez betetzea erabaki du.
Hauek guztiagatik ELA sindikatuak enpresaren proposamena Bidelan AP-8ko hitzarmena sinatzeko nahikoa ez dela irizten du.
Hurrengo bileraren data 2019ko uztailaren 11ean izango da.
Zarautz, 2019ko ekainak 13
No hay comentarios:
Publicar un comentario