
Zer ironia, Frantziak euskarari legezko baliorik ematen ez dionean, orain, hain zuzen, euskarari legezko balioa ematea, zertarako eta euskal herritarrek sortutako elkarte bat debekatu nahi izateko! Prefetak errana da hizkuntzak ez duela ezer aldatzen, denek badakigula zer erran nahi duen laborantza ganbera izenak. Nahi dutenean, badakite euskara ulertzen. Orain, komeni zaie euskarari balioa ematea, izenaren aitzakian, Euskal Herriko Laborantza Ganbera debekatzeko.
Gai hau epaitegiraino eramateak berak erakusten du auzia ez dela laborantza arloko zerbait. Erabat politikoa da. Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzearen aldarrikapenak hautetsien gehiengo handi baten babesa dauka aspaldian, baita gizartearen zati handi batena ere. Ez da soilik abertzaleen aldarrikapena. Ez da laborariena bakarrik. Anitzez zabalagoa da. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldarrikapenarekin lotua da, osoki.
Eta justuki, horrexegatik egin dio beti uko Frantziako Gobernuak aldarrikapen horri. Batera plataformak euskal departamendua, euskararen ofizialtasuna, berezko unibertsitatea eta laborantza ganbera aldarrikatzen zituenean, bazirudien azken hori zela onduena. Frantziako Gobernuak aditu batzuk igorri zituen Ipar Euskal Herrira, laborantzaren beharrak aztertzeko. ELB sindikatuak bat egin zuen haiek idatzi analisiarekin. Baina proposamenak ez zirela analisiaren araberakoak azpimarratu zuten. Frantziak argi eta garbi erran zion ezetz Laborantza Ganbera sortzeari. Horren ordainez, SUAT laborantza zerbitzua sortu zuen Frantziako Estatuak. Laborantza Ganbera sortzea eskatzen zutenek salatu zuten egitura horrek ez daukala ez eskumenik, ez aurrekonturik, eta erabaki guztiak Pauen hartzen direla.
Laborantza Ganberaren sortzea Pirinio Atlantikoak bitan zatitzearen urrats bat bezala ikusten bide du Frantziak. Horregatik, karga sinboliko handia du egitura horrek, bai Frantziarentzat, bai Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldekoentzat. Euskal Herriko Laborantza Ganberari epaitegien bidez eraso egitean, horixe da benetako auzia: Frantziak ez du onartu nahi Ipar Euskal Herriaren onarpen ofizial hastapenik ere. Izena aitzakia da. Arazoa, izanak sortzen du.