ARGIA Euskal astekaria
Ez da egun bateko burutazioa izan. Aspaldidanik genbiltzan lantokiz lantoki eta sektorez sektore gizarte eredua eta negoziazio kolektiboaren jirabiran hausnarketa sakona egiten. Hausnarketaz haratago mobilizapen ugariak ere garatu ditugu bi urte hauetan, hori baita gure ekimen sindikalaren ardatzetako bat eta. Batzuk aurrez burutu dugun lana ezkutatzen saiatu dira eta greba deialdiaren urgentzia eta bat-batekotasuna argudiotzat erabili dute beren burua zuritu nahian edo. Bestelako iritzia du langile klaseak, ordea, bera baita egoeraren gordina aspalditxo pairatzen ari den giza taldea.
Greba orokorrera deitu zuen euskal gehiengo sindikalarentzat egun handia izan zen maiatzaren 21ekoa. Deialdia egun beretik greba eguna bukatu arte lanuztea zapuzteko hitzarturik ahalegindu diren botere politiko, ekonomiko, sozial eta makina bat hedabideren bitarteko guztien gainetik, langile klaseak erakustaldi ederra eman du. Oso argi erakutsi du, besteak beste, adorea eta kemena baduela gobernu eta patronalen erasoei aurre egiteko; euskal sindikalgintza bizirik eta indartsu dagoela; okerren daudenekin elkartasuna adierazteko gaitasun handia duela; eta sindikalgintza abertzalearen agenda eta helburuak ez direla makurtzen botereen esanetara. Ez da gutxi.
Horregatik, meritu handiagoa du grebaren aurka oldartu direnen manipulazioa gainditu izanak. Baita, probokazio gisa, lana egin nahi eta bere eskubidea bermatu nahi omen zutenen bitarteko guztien erabileratik aldendu izanak. Hedabideetako lerroburuan istiluen berri ematea nahi zutenek amore eman behar izan zuten grebaren aldeko langileen borondatezko atxikipen zabala antzeman zutenean. Inor gutxik eman ditu, bestalde, grebaren benetako arrazoiak. Are gehiago, ez dira kolokan jarri banan-bana azaldutako arrazoiak; aldiz, horiek ezkutatzen saiatu dira.
Baina guzti horiek alde batera utzita, benetako zoriona langileei dagokie. Eurak izan dira protagonistak grebaren ikusgarritasuna erabatekoa izan dadin bazter guztietan, Nafarroako Tuteratik Bizkaiko Soduperaino eta Gipuzkoako Irundik Arabako Oionera ere. Eguerdiko lau hiriburuetako manifestazio jendetsuek edozein propaganda faltsu eta erabilera interesatu agerian utzi dute.
Aurrera begira, jarraitu beharra dago mobilizazioarekin. Aldatu nahi ez dituzten politikak aldarazi eta patronalaren xantaia bizkarretik astintzeko ezinbestekoa zaigu lan dinamika horretan jarraitzea. Hori da ELAk hautatu duen bidea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario