1.- Euskal Herrian badago euskaraz bizi eta lan egin nahi duen
hizkuntza-komunitate euskalduna, baina euskaraz bizitzea ez dago osoki
gure esku. Izan ere, azken 30 urtetan Euskal Herrian indarrean egon den
hizkuntza-politikak ez digu bermatu euskaraz bizitzeko aukera
euskaldunoi. Zentzu horretan, inkesta soziolinguistikoek behin eta berriz agerian utzi dute euskararen egoera diglosikoa.
Hasteko, Nafarroako zatirik handienean eta Iparraldean euskarak ez dauka
izaera ofizialik ere. Hizkuntza ofiziala ez izatea arazo
politiko larria da. Beraz, herrialde hauetan euskararen ofizialtasun
osoa eskatzea izan behar da lehenengo aldarrikapen politikoa, euskarak
esparru guztietan, lan munduan barne, garatzeko aukera izan dezan.
Euskal Autonomi Erkidegoan ere euskararen erabilpenak
behera egin du, gazteen artean batez ere. Azken urteetan izandako
ezagutza tasaren igoerak eta hezkuntzan lortutako aurrerapenek ez dute
eragin zuzenik izan erabileran. Gure ustez, horrek harreman zuzena du
lan munduan eta arlo sozio-ekonomikoan euskarak duen izaera
gutxituarekin.
2.- Euskara babesteko eta hedatzeko
estrategia baten beharra aldarrikatzen dugu, jendartean eta lan munduan
dituen gabezia estrukturalak gainditze aldera. Agenda politikoetan
euskarari dagokion lehentasunezko tokia emateko garaia izanik, duela
egun gutxi osatu den Gasteizko Legebiltzarraren kolore politikoa
ikusita, euskararen normalizazioan neurri eraginkorrak hartzeko aukera
paregabea dagoela uste dugu.
3.- Gai honetan ere
adostasun zabalen aldeko diskurtsoak entzuten ditugu azkenaldian.
Kontsentsuaren diskurtsoa politikoki zuzena da, baina praktikan
euskaldunon hizkuntza-eskubideak mugatzen ditu eta egungo egoera
mantentzearen aldeko apostua egiten du. Adostasuna behar da euskaraz
bizi nahi dugun herritarron eskubideak bermatzeko? Hizkuntza eskubideen
errespetuaz ari gara, eta horri erantzungo dion hizkuntza politika baten
beharraz.
4.- Lan harremanei
dagokienez, argi daukagu lan munduaren euskalduntzerik gabe ez dagoela
euskararen normalizaziorik, ez eta benetako ofizialtasunik. Geroz eta
langile gehiago dira euskaldunak, baina lan harremanak euskalduntzeko
hori ez da nahikoa. Normalizazioaz ari garenean euskararen erabilera
bermatzeko baldintza egokiak sortzeaz ari gara eta euskara era honetara
aurreikusten duten lan zentroak oso urriak dira, bai sektore pribatuan
zein publikoan. Esparru sozio-ekonomikoaren euskalduntzeak neurri
politiko ausartagoak eskatzen ditu, eta arlo honetan hurrengo
Jaurlaritzari paper aktiboagoa eskatzen diogu.
5.- Ezin aipatu gabe utzi
sindikatuon erantzukizuna gai honetan. Sindikatuok asko daukagu esateko
eta egiteko lan munduaren euskalduntzean, ELAk behintzat bai: langileen
artean euskararen hedapenaren aldeko sentsibilizazio eta motibazio lana,
enpresetan normalizazio plan eta neurri zehatzak exijitu, arlo
publikoan zerbitzu publikoak euskaraz bermatzeko baldintzak
aldarrikatu...
Gure lanaren emaitza arlo honetan ez izan arren
nahi izango genukeen bezain ona, argi daukagu ELAk zeregin
garrantzitsua daukala lan munduaren euskalduntzean.
6.- Testuinguru honetan
ematen diogu atxikimendua Kontseiluak abenduaren 1erako Donostian
“Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean deitu duen manifestazioari. Dei
berezia egin nahi diogu langileei eta ELAko militante eta afiliatuei
mobilizazio honetan parte har dezaten, euskaraz bizi nahi dugulako,
euskaraz lan egin nahi dugulako!