ELAren ustez bakearen bidean
aurrera egiteko baliagarria da ETAren erabakia
Clicar para leer en castellano
ELAk ongi
deritzo ETAk bere ibilbidea amaitutzat emateko hartu duen erabakiari. Erabaki
hau bat dator bere jarduera armatua bukatzeko 2011ko urriaren hartu zuenarekin.
Une egokian dator, iaz armagabetzea burutu ondoren, hain zuzen ere. Esan
beharra dago bakearen bidean aurrera egiteko baliagarria izango dela urrats
hau, duela gutxi, eragindako saminari buruz egin zuen adierazpenarekin batera.
Jatorri edo
xede politikoa izan duen eta hamarkada luzez iraun duen indarkeriak gogor
astindu gaitu. Hori dela eta, ELAk beti salatu du indarkeria horren existentzia
bera. Urte luzez eta modu injustuan sufritu dugu, gaur egun, oraindik ere,
elkarbizitza baldintzatzen duen indarkeriaren ondorioz. Maiz borroka
herritarretan zilegi ez zen injerentzia izan da, gure herriaren bizitza sozial
eta politikoa era larrian baldintzatu duena.
Gaur ELAk
gogoan ditu biktima guztiak, besteak beste, noski, ETAren bortizkeria -era
askotan- jasan duten sindikatuko militanteak. Horien artean, gure oroitzapenik
sentituena bihoa hil zituztenengana, baita beren senideengana ere: Goikoetxea,
Doral, Gomez Elosegi, Agirre, Pedrosa, Uribe... Bestalde, ez ditugu ahazten
talde paramilitarrek eta segurtasun indarrek hainbeste aldiz urratu zituzten
giza eskubideak; kasu hauetako gehienetan oraindik ez da zigorrik ezarri,
esaterako Zabaltzaren kasuan; berau sindikatuko kidea zen eta Guardia Zibilaren
eskuetan zegoela hil zuten.
Nolanahi ere, aintzat hartzen dugu prozesu hau egiteko modua, espainiar
estatuaren aurkakotasun aktiboa topatu duelarik. Horregatik nabarmendu nahi
dugu gizarte zibileko pertsona eta organizazioek izan duten kemen militantea,
horrek egin baitu posible prozesu hori, batik bat armagabetzearen auzi kritikoan.
ELAk uste du etorkizunera begira jartzeko unea dela; premiaz hartu behar
dira erabakiak bakea eraikitzeko, baina ez ahazturaren gainean, baizik
oinarritzat egia, gizabidea eta justizia hartuz. Horretarako,
- ELAk galdatzen dio espainiar gobernuari urrunduta dituen presoak
hurbil ditzala, eta askatu gaixorik daudenak. Espetxeko lehen graduaren
erabilpen orokor eta justifikatu gabea bertan behera utzi behar da.
- ELAk eskatzen die espainiar Parlamentuan ordezkaritza duten indar
politikoei eragin ditzatela lege-erreformak bertan behera gera dadin
militante eta organizazioei ezartzen zaien salbuespenezko tratua.
Biziarteko zigorrak indargabetu behar dira. Halaber, amaitu egin behar da
estatuko aparatuek eragin dituzten giza-eskubideen urraketak duen
inpunitatea.
- ELAk justizia trantsizionala aldezten du, zeinak lagunduko lukeen
ezagutzen gure herrian benetan zer gertatu den. Biktimei erreparazioa zor
zaie. Abusuekin zerikusia izan duten erakundeak erreformatu egin behar dira.
Behar bezala legitimatutako batzordeek ikertzeko aukera izan behar dute,
pairatu izan dugun sufrimenduaren bisio osoa izan dezagun.
- Dei egiten diegu euskal indar politikoei susta dezatela elkarrizketa
eraikitzailea, adiskidetze eta bizikidetza aldera aurrera egiteko moduan
izan gaitezen.
ELAren ustez, gure herriak ez du behar orain errelatoen lehiarik;
halakoetan gero eta zailagoa gertatzen da bereiztea zer den interpretazio
zilegia eta zer politika bahituta mantentzeko borondatea, edo areago, arerioaren
proiektu politikoaren izaera demokratikoa zalantzan jartzeko asmoa.
ELAren iritziz une hau egokia da gogoratzeko Euskal Herriak emari sozial
eta militante izugarria duela, eta emari hori, finkatu beharreko bake egoera
honetan, bideratu behar dugula justizia sozialaren eta askapen nazionalaren
aldeko borrokara. Hori da etorkizunerako gure nahia.